"Sar zaitezte matematikaren munduan, ezagutu,... usaindu, ukitu, daztatu...ez zara inoiz ere ez damutuko".

ZENBAKI LEHENAK

LIOUVILLEREN PROBLEMA

DERIBATUEN ERABILERAK

PROBLEMEN BILDUMAK

matemagia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
matemagia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016-10-13

Bederatzia zenbaki emankorra eta jolastia dugu. Hainbat zenbaki eta kartetako joku bederatziaren propietate berezietan oinarritzen dira. Gure zenbaki sitemaren oinarria den 10tik horren gertu egoteak (unitate batera) badu zerikusirik.
Ona hemen 9ren propietate miresgarrietan oinarritzen diren hainbat adibide:


BEDERATZIAREN MULTIPLOA

Jolastu lagun batekin ondoko eran,


  1. Bi zifrako zenbaki bat pentsatzeko esan (Ad.: 38)
  2. Zenbaki hori bider 10 egiteko (380)
  3. 90 baino txikiagoa den 9ren múltiplo bat aukeratzeko (18)
  4. Bigarren ataleko emaitzari kentzeko hirugarren atalean aukeratutakoa(380-18=362)
  5. Azkeneko emaitza esateko eskatu. Hasierako zenbakia erraz asmatuko duzu (36+2=38)
Nahikoa duzu bostgarren pausoan lagunak esandako zenbakia bitan banatzea: ehuneko eta hamarrekoen zifrek eratutako zenbakia eta unitateen zifra. Bi hauek batuz gero, hasierako zenbakia daukagu.

Baina zergaitik? Zein da joku honen azalpen matematikoa?

Aljebra apur bat erabiltzea besterik ez duzu:










EZABATUTAKO ZIFRA

Ikaskideen aurrean boluntario bat eskatu laguntzeko eta ondorengo pauso hauek jarraitzeko eskatu:

  • Pentsatu 4 zifrako zenbaki bat
  • Pentsatutako zenbakiaren zifren batura egin
  • Batura hori hasierako zenbakiari kendu
  • Kenketaren emaitzean zero ez den nahi duzun zifra ezabatu
  • Ezabatu gabeko zifrak nahi duzun ordenean esan ozenki.
Guztien harridurako, berehalako batean lagunak ezabatutako zifra zein den asmatu egingo duzu.

Nola? Zertan oinarritzen da?  (gogoratu zenbaki bat 9ren multiploa izateko baldintza)

Saia zaitez azalpena bilatzen. 








HIRU ZIFRAKO ZENBAKIA



Ikasle batek kapikua ez den hiru zifrako zenbaki bat aukeratu behar du. Ondoren, ehunekoen eta batekoen zifrak trukatu behar ditu zenbaki berri bat lortzeko. Aurreko bi zenbakien arteko diferentzia (handia ken txikia) kalkulatu eta diferentzia horren azkeneko zifra esaten badizu (berdin lehenengoarekin), diferentziaren beste bi zifrak asmatuko dituzu, guztiak aho zabalik utzita.





1089

Aurreko jokoaren aldaera bat da.
Aurretik iragarri azkeneko emaitza 1089 izango dela. Jarraian goiko jokuan egin dugun moduan jokatu. Kapikua ez den hiru zifrako zenbaki bat auketu (lehenengo zenbakia), ehunekoen eta batekoen zifrak trukatu (bigarrena),  diferentzia kalkulatu (hirugarrena), kenketaren emaitzean ere ehuneko eta batekoen zifrak trukatu (laugarrena) eta azkenik bi hauek (hirugarrena eta laugarrena) batu. Hortxen dago aurresan dugun zenbakia: 1089.

Adibidea:
  • 328 aukeratutako zenbakia (lehenengoa)
  • 823 Ehunekoen eta batekoen zifrak trukatuta (bigarrena)
  • 823-328=495 diferentzia (hirugarrena)
  • 594 Ehunekoen eta batekoen zifrak trukatuta (laugarrena)
  • 495+594=1089 hirugarrena eta laugarrena batuz


Ea asmatzen duzun zergatia. Gogoratu hiru zifrako zenbaki baten idazkera hamarren berreduren menpe:  abc=100a+10b+c eta cba=100c+10b+a.





 Suma  aldizkarian (52 zenbakian) 9ren magia duzue "Grupo Alquerque de Sevilla"ren eskutik "La Magia del Nueve" artikuluan.

2015-01-05



Gaurkoan matemagiaz jantziko dut bloga. Ikasturte  honetan DBH 3ko Matematika Tailerrerako eta Matemagiaz Blai izenburupean prestatu eta erabili ditudan hainbat truku aurkeztu eta azalduko ditut datozen lerroetan. Nahiko ezagunak dira eta erraz topa daitezke Interneten erderazko bertsioan; zailago, ordez, euskaraz aurkitzea. Aurrerago, beste sarreraren bat gai honi ere eskainiko diot. Orduan, apunteak eskuragarri utziko ditut interesa duen edozeinek erabiltzeko edota moldatzeko.

Magiari lotuta matematika ugari aurki dezakegu; matematika arina, atsegina, erakargarria eta motibagarria. Hala ere, ez da erraza ikasle guztiak "sorgintzea" matemagiaz; matematika hitza usaintzen duten bezain pronto, nolabaiteko etsipen puntua antzematen baita zenbait ikasleengan. Gero, ohiko matematikako klase baten aurrean ez daudela ikusten dutenean, erlaxatu (larregi ere batzuk) egiten dira eta klasean giro ona sortzen da. 

Matematika egiten disfruta daitekeela ardatz hartuta, truku bakoitzean matematika agerian uztea da helburu nagusia; horrela, aurkeztu eta antzeztu ondoren, azalpen matematikoaren bila abiatzen gara. Truku askoren azalpena edo oinarri matematikoa nahiko erraza da, eta pista batzuk emanda ikasleak  gai izaten dira gutxi gorabehera trukuaren nondik norakoak bakarrik aurkitzeko.

   

Kartel Magikoa
 
  • Zenbakizko taula bat erakutsiko dizut.
  • Taulari bizkarra emanda nagoela, aukeratu 2x2ko karratu bat eta ezkutatu lau zenbakiak karratu gorriarekin.
  • Aurrera begira jarriko naiz eta berehalakoan ezkutatu dituzun lau zenbakien batura esango dizut.
  • Ez al da harrigarria?  

 
Nola? Buruz ikasita taulako zenbakiak? Dohain berezi baten jabe izango ote naiz?  Aparteko aztia, agian?
Matematikaz baliatuz, egiaztatu sasiazti ziztrin bat besterik ez naizela.


Azalpena:






Memoria Itzela

  • Begiratu ondoko zenbakizko taula.
  • Koadroari bizkarra emanda jarriko naiz.
  • Ikasle bat irtengo da eta nahi duen zenbakia tapatuko du.
  • Ondoren, koadroari begira berehala asmatuko dut zenbakia
  • Hau ere harrigarria, ezta?



Azalpena:
Oraingo honetan kode ezkutua apur bat zailagoa da:

  • Lehenengo zutabeari 20 dagokio, bigarrenari 30, hirugarrenari 40 eta horrela jarraian.
  • Errenkada bakoitzari errenkada zenbakia dagokio: lehenengoari 1, bigarrenari 2,...
  • Adibidez, laugarren errenkada eta bostgarren zutabeko zenbakiaren kodea: 4 + 60 = 64

Kodea daukagunean, eragiketa hauek egin behar dira buruz zenbakia lortzeko:

  1. 64ren zifrak batu:                           6+4=10
  2. 64 bikoiztu:                                      2·64=128
  3. 64ren zifren arteko kenketa:        6-4=2
  4. 64ren zifrak biderkatu:                  6·4=24
  5. Ondorioz, zenbakia:                        10128224
Jolastu lagunekin; baina, kontuan izan ahoz zuzenean esan baino errazago dela zenbakia idaztea eragiketak buruz egiten diharduzuen bitartean (poliki joan idazten lehenengo 10, jarraian 128 ondoren 2 eta bukaeran 24). Antzerki apur bat egin, zenbakia gogoratzeko ahaleginak egiten arituko bazina bezala.



Zutabeen Magia

  • Begiratu beheko zenbakizko bi koadroak.
  • A koadroko zenbaki bat aukeratu.
  • Aukeratu duzun zenbakia zein zutabetan dagoen esan behar didazu.
  • Jarraian, begiratu B koadroko zenbatgarren zutabean dagoen zenbakia.
  • Esaten badidazu B-ko zutabea, zein zenbaki aukeratu duzun esango dizut.
Nola?  Aztertu ondo nola dauden kokatuta zenbakiak bi koadroetan eta ea asmatzen duzun ezkutuko kodea (pista: saia zaitez aurkitzen A-ko zutabe bakoitza B-n).

 




Azalpena:
Oso truku erraza, ezta? Hauxe da ezkutuko kodea:
A-ko lehenengo zutabeko elementu guztiak B-ko azkeneko errenkadan kokatu ditugu edozein ordenetan (ordenak ez du garrantzirik). Era berean, bigarren zutabekoak azken aurreko errenkadan eta horrela beste guztiak.
Adibidez, demagun 49 zenbakia aukeratu duzula. A-n 4.zutabean dagoela esaten didazunean B-n azpitik hasita 4. errenkada izango dut kontuan. Ondoren, B-ko 2. zutabekoa dela esatean, zein zenbaki den jakingo dut.




Memoria Miragarria

  • Arbelean ondoko zenbakizko koadroa erakutsiko dizuet.
  • Koadroari bizkarra emanda jarriko naiz.
  • Ikasle bat irtengo da eta zenbaki bat tapatuko du.
  • Ondoren, koadroari begira jarrita berehala asmatuko dut zenbakia.
Memoria miragarria ala kode sekretua?
Ea oraingoan kodea asmatzen duzuen (Pistak: 5 eta diagonalak)


Orain zeuen txanda. Bete ezazue zenbakiz koadro hau zuek asmaturiko kode sekretua erabiliz:



Azalpena:
Aukeratutako zenbakiaren laukitik hasita beste lau lauki diagonalean kontatu ondoren, beste zenbaki bat izango dugu. Diagonalean gora mugitzen bagara, azkeneko zenbaki hau hasierako +5 eta diagonalean behera -5 izango da. 
Adibidez, demagun bostgarren errenkadako 16 aukeratu dugula:





Loturen zerrenda

Bukatzeko, Matematika edo Matematika Tailerrerako erabilgarriak izan daitezkeen Interneteko lotura batzuk uzten ditut. Material ugari eta oso ona dago:

2014-05-17


Maiatzaren 9an "Hezkuntza Plazara!" eguna ospatu genuen Soraluzen. Egun horretan,herria eta eskola uztartuz, hezkuntza arloan lanean dihardugun  hainbat erakunde plazara atera ginen. Ekintza desberdinak antolatu ziren: hankapalo, larrugintza eta graffitti tailerrak, altxorraren bila, bost baietz, irratia, problemen ebazpena,...   

Soraluze BHI ikastetxeko Matematika Mintegian "Logika Matematikoan Trebatzen" izenburupean logikazko problema sorta prestatu genuen. Herriko zenbait taberna eta dendatan bi problema laga genituen, arkatza eta papera erabili gabe ebazteko modukoak, herritarrek joku moduan parte hartu, ebatzi eta lagun arteko eztabaidak pizteko asmoarekin; tabernak eta dendak ikasgela bihurtuz.

Partehartze handia izan zen, ia 200 problemen erantzuna jaso genituen, eta, garrantzitsuena dena, ilusioa, gogoa eta motibazioa zabaldu zen partehartzaileen artean.

Aurkezpen honetan proposatutako problemak eta bakoitzaren azalpena:








Argazkiak







Bideoa





2014-01-03

irakasleok gelan aurkezten dugun matematika, nahi baino gehiagotan, ulertezin ezezik, aspergarri ere egiten zaie ikasleei. Matematikak isladatzen duen xarmaz gozatzeko heldutasun maila bat behar dela esaten da; eta hala da, hainbat teorema eta egiaztapen ulertu ahal izateko behintzat. Baina ez dut uste hori denik derrigorrezko hezkuntzan irakasten den matematikaren helburuetako bat; bai ordea, matematika balioestea, eta helburu hori erdiesteko matematikari mamu mozorroa kendu behar diogu lehenbaitlehen. Matematika jolasa moduan aurkeztea izan daiteke aurrepauso bat,  jolas horien atzean ustez baino matematika gehiago baitago.
Ondorengo webgunean matemagiako jolasak, paradojak,  bitxikeriak, etabar aurki ditzakegu. Batzuk aljebra lantzeko oso egokiak:

Popular Posts

ESALDIAK

"Problemak kalkuluak egiteko baino pentsarazteko dira"
(Mª Antonia Canals)

Orri-ikustaldiak guztira