"Sar zaitezte matematikaren munduan, ezagutu,... usaindu, ukitu, daztatu...ez zara inoiz ere ez damutuko".

ZENBAKI LEHENAK

LIOUVILLEREN PROBLEMA

DERIBATUEN ERABILERAK

PROBLEMEN BILDUMAK

2016-09-20


Irudian edifizio baten planoa ikus daiteke. Eraikinak 64 gela ditu, guztiak berdinak eta karratuak. Barruko gelek 4 ate dituzte, gela batetik ondoko gelara igarotzeko, eta fatxadaren ondokoek 2 edo 3 ate. Irudian ateak zuriz margotuta daude.



Hauxe da jakin nahi duguna :

Sarrerako gelan gaude eta irteerara iritsi nahi dugu aske geratzeko. Gela bakoitzean mezu bat dago, denera 64. Mezu guztiak jasotzen baditugu, irteerako atea zabaltzerik izango dugu. Baina, gela bakoitzetik irtendakoan gelako ateak ixtsiko dira eta ezin izango dugu berriro sartu. Hau da, derrigorrez gela guztietan sartu behar gara eta behin bakarrik.
Badago estrategiaren bat aske geratzeko? Bestela esanda, posiblea al da edifizioan sartu eta gela guztietatik behin bakarrik pasatuz irteerara iristea? Arrazonatu.


*****


Ondoren, pistatxo bat emango dizut, baina, lehendabizi saia zaitez begiratu barik ebazten.



Laguntza: agian xake taula baten antzera margotzen baduzu planoa, errezago ikusiko duzu problema honen "irteera".



Gogoratu txingurriaren problema ("Txingurriaren ibilbidea"), antzera arrazona daiteke.



*****

2016-09-19


Eñaut eta Leire anai-arrebek irudiko forma triangeluarra duen lursaila azalera bereko bi zatitan banatu nahi dute.



BC aldearen P puntuan dagoen putzua partekatzeko P-tik AC alderaino bi zatien muga lerro zuzenean eraikiko dute; baina asma ezinka dabiltza.
Lagunduko al diezu? Bururatzen al zaizu non kokatu behar den Q puntua AC aldean ABPQ lauki erako lursaila eta PQC lursail triangeluarra azalera berekoak izan daitezen?




Laguntza

  • A puntua P puntuarekin lotu.
  • BC aldearen E erdiko puntua aurkitu.
  • A puntua E puntuarekin lotu.
  • E puntutik doan AP zuzenkiarekiko zuzen paraleloa marraztu. Zuzen honek Q puntuan ebakitzen du AC aldea.


Bestetik, edozein triangelutan ondoko propietate hau egiaztatzen da:

"Triangelu baten oina eta honen aurkako erpina lotzen dituen segmetuak hasierako triangelua bi triangelutan zatitzen du, halako moldez non triangelu berrien azaleren arteko erlazioa eta oinen artekoa berdinak diren"


Proipietate hau Geogebraz argi asko ikusten da. Mugitu D puntua:





Egiazta dezagun matematikoki propietate hau:

ADB eta DCB triangeluen altuera = h; orduan bakoitzaren azalera,

ADB triangeluaren azalera = S'' = b2·h/2

DCB triangeluaren azalera = S' = b1·h/2

Bi adierazpenetan h/2 isolatuz eta berdinduz,



S'' / bS' / b1 
Beraz,
S'' / S' b/ b1

Ea propietate hau erabiliz goiko irudiko Q puntuaren kokapena justifikatzen duzun.

Bidaiari-tren batek 90 Km/h-ko abiaduraz norantza berean doan zama-tren bat harrapatzen duenetik t denbora behar du guztiz aurreratzeko. Bi trenak aurkako norantzaz gurutzatzen direnean, aldiz, t/2 denbora erdian aldentzen hasten dira.




Zein da zama-trenaren abiadura?


*****

Irudiko ABCD laukizuzenaren aldeak luzatu ondoren, EFGH laukia eratu da:



ED=2AD, AF=3AB, BG=2BC eta CH=3CD 

Zein da ABCD eta EFGH laukien azaleren arteko arrazoia?





*****

Hiru lagunen artean litro bateko 21 botila banatu behar dira. 

7 botila likidoz goraino daude beteta, 7 erdirarte bakarrik eta 7 hutsik.


Lagun bakoitzari likido kantitate eta botila kopuru bera eman behar zaio. 


Nola egin behar da banaketa?


(Oharra: likidoa ezin da ontziz aldatu) 

*****

2016-09-12


Irudiko karratuaren 3/4 grisez margotu dugu. Ondoren, gelditzen den laurdenaren laurdena ere grisez. Jarraian, beste laurden bat eta horrela behin eta berriro.
Limitean, hasierako karratuaren zein zati agertuko da margotuta?





Hona hemen bi ebazpen mota, geometrikoa eta analitikoa. Baina, lehenengo saia zaitez begiratu barik.







*****

Irudiko forma duen alanbre baten gainean txingurri batek ibilbide bat egin behar du:



Ibilbidea markatuta agertzen diren 9 puntuetatik behin bakarrik igaroz egin nahi du. Hau da, puntu guztiak zapaldu behar ditu eta behin bakarrik.

            Lagunduko al diozu? 
            Bere nahia bete ahal izango du?
            Azaldu arrazonatuz.



 

Jarraian problema hau ebazteko estrategia bat:


 



*****

2016-09-11


Felisatxo diruzale amorratuak zeuzkan txanpon guztiak 7 kutxatan gordetzea erabaki zuen.

Lehenengo kutxan txanpon guztien 2/3 sartu zuen, bigarrenean gelditzen zirenen 2/3, hirugarrenean berriz ere gainerakoen 2/3,... 

Bukatu zuenean txanpon bakar bat gelditu zitzaion eskuan kutxetan sartu gabe.


Zenbat txanpon zituen gure Felisatxok?


Zenbat txanpon gorde zituen kutxa bakoitzean?







Erraz pentsatuz edota diagrama baten laguntzaz, Felisatxoren altxorra gure esku.

Ondoko aurkezpenean ebazpide bat doakizue:




 





*****

2016-09-10


Aurten irailaren 12an hasiera emango diogu "Problemen ebazpena lankidetzan blog batekin" izeneko ikastaroaren bigarren edizioari.

Ikastaroaren ardatza, problemak ebaztea izango da; sormena, irudikapena, pentsamendu dibergentea, intuizioa,... martxan jartzea eskatzen duten problemak.

Bereizketa egingo dugu ariketak eta problemen artean.

Ariketak, ohi denez, testu liburuetan gai baten amaieran agertzen dira aurretik gaiaren garapenean ikasitako hainbat algoritmo praktikatzeko. Helburua prozedura eta mekanismo hutsak aplikatzean datza; beraz, argi eta garbi dago zer egin behar den ebazteko. Egoera itxiak aurkezten ohi dituzte eta ez diote sormenari lekurik egiten.

Problemen ezaugarriak, aldiz, oso bestelakoak dira. Benetako problema bat, erronka bat da, desafio bat; hasiera batean zer egin behar den badakigu, baina ez dakigu nola. Problema hauek egoera irekiak aurkezten ohi dituzte. Sormenak eta albo-pentsamentuak berebiziko garrantzia izaten dute. Hainbat estrategia erabiltzera bultzatu eta gure ezagupenetan eta esperientzietan sakontzera eramaten gaituzte; goi mailako konpetentziak garatzen dituzte.

Adibidez, zenbaki arrunt bat faktore lehenetan deskonposatzea ariketa bat da DBHko ikasle batentzat, ordea, nolakoak diren hiru eta bakarrik hiru zatitzaile dituzten zenbakiak aztertzea problema bat da.

George Polya eta Miguel de Guzmanen ideiak gidari, problemak ebazteko jarreraren garrantzia, faseak eta estrategiak aztergai izango dira adibideetan oinarrituta. 

Problemak elkarri proposatu eta ebatzi egingo ditugu blogaren bidez lankidetzan. Sarean edota liburuetan problemak bilatu, euskaratu eta blogean publikatzea zereginik nagusia izango da.

Joxemari Sarasuak, Josu Gotzon Ruiz de Gaunak eta Jesus Garcíak "Arrazoibide matematikoa eta problemagintza" liburuan honela diote: 

"Matematika-problema bat ebazteko enfasia ez datza horrenbeste soluzioa lortze hutsean, nola horretara iristeko erabili diren metodoetan. Eskolako bezalako modelizazioa-testuinguru batean, problema bati ematen zaion erantzunak, ikaskuntzaren eta arrazoibide matematikoaren ikuspegitik, garrantzi gutxiago du hura lortzeko erabili den prozedurak baino"

Bat nator esaldi honetan esaten denarekin eta problemen ebazpena ikasleekin lantzen dugunean edota guk geuk ebazteari ekiten diogunean, beti ere kontuan izan beharko genuke.


Ongietorri guztioi



PROBLEMEN EBAZPENA LANKIDETZAN BLOG BATEKIN


"Matematikako problemak ebaztea baino atseginagoa da problemak proposatzea"

George Cantor



"Matematikaria izatearen arrazoi nagusia problemak proposatzea eta ebaztea da; problemen ebazpena Matematikaren bihotza baita"

P. R. Halamos

BIDEOAK



Jose Angel Murcia (Tocamates bloga), "Me gustan los problemas"





Adrián Paenza, "El placer de tener un problema no resuelto en la cabeza"






*****


2016-07-14


PROBLEMA 1
Hiru kutxa ditugu. Lehenengoak bi bola zuri, bigarrenak bat zuria eta beste bat beltza eta hirugarrenak bi beltz ditu. Zoriz kutxa bat aukeratu ondoren, bertatik bola bat atera dugu. Ateratako bola beltza izan bada, zein da hirugarren kutxa aukeratu izanaren probabilitatea?


Lehenengo eta behin, gertaerak izendatuko ditugu:
  • Ki:     i. kutxa aukeratzea.
  • B:      Bola beltza ateratzea.
  • Ki/B: Jakinda bola beltza atera dela, i. kutxatik hartua izatea
  • B/Ki: i. kutxatik bola bat atera dugula jakinda, beltza izatea. 
Labur dezagun problema hau eskema baten bidez,


Hiru kutxetatik bat aukeratzen dugu, bata edo bestea erraztasun berberarekin, hirurak ekiprobableak baitira,
P(K1)=P(K2)=P(K3)=1/3
Probabilitate hauei "a priori" esaten zaie

Ondoren, aukeratutako kutxatik bola bat atera dugu eta beltza izan da.  Gertaera honek aukeratu dugun kutxari buruzko informazio berri bat ematen digu eta aldarazten du aukeraketa honen inguruan geukan iritzia.

Lehenengo kutxa ez da aukeratua izan ez baitu bola beltzik, K1 ezinezko gertaera bihurtu du informazio berri honek, P(K1/B)=0. Pentsa daiteke beste biak ekiprobableak direla, hau da, bata edo bestea aukeratzeko probabilitatea 1/2. Baina, ez da zuzena. Orain ebidentzia nahikiorik dago bi gertaera hauek ekiprobableak ez direla esateko.

Zenbatuko dugu K3-ko bi bolak (beltza1 eta beltza2). Bola bat atera eta beltza dela ikustean, ze koloretakoa geratzen da barruan?, hiru posibilitate daude:

  • Bola zuria, bigarren kutxatik beltza hartzen bada.
  • Bola beltza1, hirugarrenetik beltza2 hartzen bada.
  • Bola beltza2, hirugarrenetik beltza1 hartzen bada.

Hiru aukera hauek, simetria dela eta, ekiprobableak direla dirudi; beraz, bi aldiz probableagoa da bola beltza hirugarren kutxatik hartua izatea bigarrenetik baino,

P(K3/B)=2·P(K2/B) eta P(K3/B)+P(K2/B)+P(K1/B)=1
Hau da: P(K1/B)=0, P(K2/B)=1/3 eta P(K3/B)=2/3
(Probabilitate hauei "a posteriori" esaten zaie)


Tomas Bayesek arau bat asmatu zuen hau bezalako problemak era sistematiko batean ebazteko. Bayesen Teoremak probabilitateen berresleipena automatikoki egiten du eta mota honetako problemak orokortzea ahalbidetzen du.



Bayesen formula problema honetan aplikatuz,





Baldintzak hasierako probabilitaetan duen eragina argiago ikus daiteke honako adibidean:

PROBLEMA 2
Lehenengo kutxan 100 bola zuri, bigarrenean 99 zuri + 1 beltz eta hirugarrenean 100 beltz. Zoriz kutxa bat aukeratu ondoren, bola bat atera dugu. Azkeneko hau beltza izan bada, zein da aukeratutako kutxa hirugarrena izateko probabilitatea? Edo bestela esanda, apostua egin behar bazenu, zein kutxaren alde egingo zenuke?

Atera dugun bola beltza denez, aurrean daukagun kutxa ez da lehenengoa, beste bi kutxen artean erabaki behar da. Argi dago ez direla ekiprobableak, ezta urrik eman ere!

Hori zorte txarra!, mutur aurrean bigarren kutxa izan (jakin barik bigarrena dela), eskua sartu eta 100 bolen artean dagoen beltz bakarra hartu izan bagenu.

Erabakia ziztu bizian hartuko dugu, hirugarrena bigarrena baino 100 aldiz probableagoa baita.

Bayesen formula erabiliz:









*****




Popular Posts

ESALDIAK

"Problemak kalkuluak egiteko baino pentsarazteko dira"
(Mª Antonia Canals)

Orri-ikustaldiak guztira