2016-09-10

"Problemen ebazpena lankidetzan blog batekin" Prest-Gara ikastaroa (2016-17)


Aurten irailaren 12an hasiera emango diogu "Problemen ebazpena lankidetzan blog batekin" izeneko ikastaroaren bigarren edizioari.

Ikastaroaren ardatza, problemak ebaztea izango da; sormena, irudikapena, pentsamendu dibergentea, intuizioa,... martxan jartzea eskatzen duten problemak.

Bereizketa egingo dugu ariketak eta problemen artean.

Ariketak, ohi denez, testu liburuetan gai baten amaieran agertzen dira aurretik gaiaren garapenean ikasitako hainbat algoritmo praktikatzeko. Helburua prozedura eta mekanismo hutsak aplikatzean datza; beraz, argi eta garbi dago zer egin behar den ebazteko. Egoera itxiak aurkezten ohi dituzte eta ez diote sormenari lekurik egiten.

Problemen ezaugarriak, aldiz, oso bestelakoak dira. Benetako problema bat, erronka bat da, desafio bat; hasiera batean zer egin behar den badakigu, baina ez dakigu nola. Problema hauek egoera irekiak aurkezten ohi dituzte. Sormenak eta albo-pentsamentuak berebiziko garrantzia izaten dute. Hainbat estrategia erabiltzera bultzatu eta gure ezagupenetan eta esperientzietan sakontzera eramaten gaituzte; goi mailako konpetentziak garatzen dituzte.

Adibidez, zenbaki arrunt bat faktore lehenetan deskonposatzea ariketa bat da DBHko ikasle batentzat, ordea, nolakoak diren hiru eta bakarrik hiru zatitzaile dituzten zenbakiak aztertzea problema bat da.

George Polya eta Miguel de Guzmanen ideiak gidari, problemak ebazteko jarreraren garrantzia, faseak eta estrategiak aztergai izango dira adibideetan oinarrituta. 

Problemak elkarri proposatu eta ebatzi egingo ditugu blogaren bidez lankidetzan. Sarean edota liburuetan problemak bilatu, euskaratu eta blogean publikatzea zereginik nagusia izango da.

Joxemari Sarasuak, Josu Gotzon Ruiz de Gaunak eta Jesus Garcíak "Arrazoibide matematikoa eta problemagintza" liburuan honela diote: 

"Matematika-problema bat ebazteko enfasia ez datza horrenbeste soluzioa lortze hutsean, nola horretara iristeko erabili diren metodoetan. Eskolako bezalako modelizazioa-testuinguru batean, problema bati ematen zaion erantzunak, ikaskuntzaren eta arrazoibide matematikoaren ikuspegitik, garrantzi gutxiago du hura lortzeko erabili den prozedurak baino"

Bat nator esaldi honetan esaten denarekin eta problemen ebazpena ikasleekin lantzen dugunean edota guk geuk ebazteari ekiten diogunean, beti ere kontuan izan beharko genuke.


Ongietorri guztioi



PROBLEMEN EBAZPENA LANKIDETZAN BLOG BATEKIN


"Matematikako problemak ebaztea baino atseginagoa da problemak proposatzea"

George Cantor



"Matematikaria izatearen arrazoi nagusia problemak proposatzea eta ebaztea da; problemen ebazpena Matematikaren bihotza baita"

P. R. Halamos

BIDEOAK



Jose Angel Murcia (Tocamates bloga), "Me gustan los problemas"





Adrián Paenza, "El placer de tener un problema no resuelto en la cabeza"






*****


3 iruzkin:

  1. Matematikak bitxiak dira.
    Gaur nire semea jarriko dut Martin Gadnerren bost koloreen problema ebazten, ziur aita baino azkarrago ebatziko du.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Ez izan zalantzarik, umeek koloreekin guk baino erraztasun handiago dute. Badirudi helduon mundua urteak aurrera doazela txuribeltza bihurtzen dela.
      Dadoaren problema ere mundiala da, umeak emandako soluzioak harritu ninduen, txapela kentzeko moduko soluzioa.

      Mila esker Txomin.

      Ezabatu